LH5

ANTXUAN EGUNA 2023

Maiatzaren 4ean eta 5ean, goiz pasa ederrak izan genituen. Lehenengo, Kofradian harrera egin ziguten Iñakik, Emeteriok, Juanjok eta Laurak. Getariako aspaldiko argazkiei begira, garai hartako kontuak entzun genituen. 

    

                             

 

Ondoren, itsasontzi batera hurbildu eta hustuketa ikusi genuen zuzenean. 

 

Gero, enkanteak egiten dituzten gelan egon ginen adi-adi, pantailako zenbakiei esanahia bilatu nahian.

Handik arrainen biltegira pasa ginen eta eskuak zikintzeko beldurrik gabe  antxuak garbitu eta etxera eramateko ontzietan sartu genituen.   

      

Hamaiketakoaz gozatu bitartean moilara hurbildu ginen eta Juanjoren aholkuak jarraituz, arrantzan saiatu ginen, eta ikasle batzuk musto txikiak harrapatu zituzten! 

        

Herriari, itsasoari eta arrantzari buruz ikasi eta antxuak etxerako, gainera. Ez da plan txarra!!! 

 

LH5

LAN SEKTOREAK : irteera txakolindegira

Azken proiektuari amaiera emateko, Etxaniz txakolindegian, Iñaki Txuekaren eskutik bisita gidatua burutu genuen.   

Gelan landutako hiru sektoreak bertatik bertara azaldu zizkigun: 

1.Sektorea: mahatsondoen zainketa eta mahats bilketa.

          

2. Sektorea: Hondarribi izeneko mahats zuri eta beltzaz txakolindegia ekoiztea. 

 

3. Sektorea: salmenta eta banaketa hainbat herrialdetan. 

Bukatzeko, hamaiketako ere eskaini zigun. Bapo geratu ginen eta, eguraldia lagun, gogoz ekin genion bueltako bideari. Eskerrik asko, Iñaki, eskainitako arretarengatik.   

LH5

LEHEN SOROSPENA ETA ITSAS SALBAMENTUA

“Giza gorputza eta lehen sorospenak” proiektua lantzean, Itsas Salbamentukoengana hurbildu ginen eta gauza berri asko ikasi genituen haiekin aurrez aurre. 

Materiala eta eraikina bera erakusteaz gain, erreskateak nola egiten dituzten ikusi genuen bideoetan. 

Gainera, anbulantzia barrutik ikusi eta hainbat praktika egin genituen. 

Bukatzeko, lantxetan itsasoan  buelta bat emateko aukera ere luzatu ziguten.   

Goiz pasa aberatsa izan genuen. Mila esker! 

    

LH5

Betiko Jolasak

Gorputz Hezkuntzako saioetan hainbat proiektu landu ditugu: talde kohesiorako jolasak, atletismoa, TAG-Errugbia eta orain proiektu berrian murgilduta gaude: Betiko jolasak edo Jolas tradizionalak.

Etxean galdetu ondoren, gelako lan taldeak aprobetxatuz, jolas tradizionalen zerrenda egin dugu eta Getaiko zein beste herrialdeetako (Errumania, Argentina, Mexiko…) jolasen bilduma osatu dugu: 

-Bat, bi, hiru lau…1,2,3,4!

-Soka saltoan

-Poli-kako

-Txapa kale

-Kaniketan

-Txorro-morro-piko-tallo-ke

-Zapizka…

Astero talde bakoitzak  aukeraketa egiten du eta jolas horietan ibiltzen gara. Oraindik jolas batzuk falta zaizkigu egiteko eta datozen asteetan zehar gure berri izango duzue Getaiko kaleetan barrena, “Tocatimbres-ean” ibiliko gara!

Ez dakigu benetako jolas tradizionala ote den edo Getaiko “bihurrikeria tradizionala”. Barkatu eragozpenak, guk behintzat abisua pasa dugu!

Gora betiko jolasak!

   

LH5

AZTER KOSTA

Aurten ere 5. mailako ikasleek Azterkostan parte hartu dugu.  Ingurune naturala ezagutaraztea eta pertsonek inguru horretan dugun eragina aztertzea da programa horren helburua. Horretarako Getariako kostaldeko ekosistema aztertu genuen, laginak hartu eta analisiak eginez, Malkorben, moilan eta Gaztetapen. 

Zorionez, nahiko balore onargarriak lortu genituen. Jarrai dezagun itsasertza zaintzen! 

                

LH5

FARMER FISH PROIEKTUA

Ekosistema proiektuaren baitan ingurumena zaintzeko eta babesteko kontzientziatuko gaituen erronka honetan hartuko dugu parte beste ikastetxe askok bezala. Modu atsegin eta ezberdin batean hainbat kontzeptu ikasten ari dira Farmer Fish erronkarekin: bioekonomia zirkularra, oreka biologikoa, jasangarritasuna, ekologia, lurrik gabeko landare-laboreak, eraginkortasun energetikoa eta uraren kudeaketa jasangarria.  

Hauek dira errokaren faseak:  

  • Bioekonomia zirkularrari buruzko tailer birtualean parte hartu. 
  • Muntatu eta egokitu gelan ikastetxeak jasotako Farmer Fish Kit-a 
  • Datuak jaso eta astero bere bilakaerari buruzko argazki bat hartu  
  • Bidali emaitzak eta parte hartu “Farmer Fish Challenge” delakoan 

 

Gelan ditugu Asterix eta Obelix 5 B gelan eta Itur eta Izar 5 An. Ea gai garen karpa horiek ondo zaintzeko. Arrainei jaten emanez eta bidali diguten sistemari esker soilik hazten dira landareak, Bioekonomia zirkularreko ekosistema txiki honetan modu naturalean sortzen diren mantenugaiak aprobetxatuz. 

Ea ba gainditzen dugun erronka!!! 

   

LH5

SURF IKASTAROA

Iraileko eguraldi onak aprobetxatuz, 5.mailako ikasleek surf ikastaroa egiteko aukera izan zuten arratsaldez. 5B gelakoek irailaren 19-26 bitartera egin dute ikastaroa eta 5Akoek aldiz urriaren 3tik 14ra. 

Surfa egiteko beharrezko teknikak ikasteaz gain, itsasoaz , hondartzaz eta talde giro bikainaz gozatzeko aukera izan zuten.  

Hona hemen surf ikastaroan ateratako argazkitxo batzuk. 

 

LH5

ZINEMALDIA

Bi urtez zinemaldi   ra joan gabe egon eta gero, aurtengoa ederki gozatu genuen. Irailaren 22an Donostiako Belodromora joateko aukera izan genuen, “Terra Willy: planeta ezezaguna” filma ikustera. Filma ikusi aurretik Euskal Herriko Unibertsitateko Robotikako ikerketa taldearen bisita izan genuen eta belodromoan robotekin egiten duten lana erakutsi ziguten.    

Gainera, beraiek sortutako “Peper” izeneko robota ere ekarri zuten eszenatokira. Pepperren eszenaratzeak harritu egin gintuen bertan ginen oro, eta robotaren trebetasun guztiak zuzenean egiaztatu ahal izan genituen: hitz egin, gizaki gisa mugitu, eta modako abestien erritmora dantzatu zuen.  

Filma entretenigarria izan zen eta gustura aritu ginen Willy eta bere lagun  robotaren abenturak ikusten.  

Belodromotik atera ondoren Zarautzera joan ginen autobusez. Ekosistemako gaian murgilduta gaudenez, Zarautzeko biotopotik ibilalditxo bat egin genuen bertako animalia eta landareak ikusiz.  Argiñano pareko skate parkearen inguruan bazkaldu eta jolasten ibili ondoren, berriz ere paseo ederra egin genuen Getariaraino kostatik. 

Egun ederra pasa genuen!

 

 

 

LH5

2022-23 ikasturteari ongi etorria!

Kaixo denoi! 

22-23 ikasturtea orain dela gutxi hasi genuela ematen du eta jadanik azaroan gaude. Blogera sartu eta oraindik  sarrera bat bera ere ez…  nola liteke horrela hastea… baina egia esan ez gara gelditu ere egin ikasturtea hasi zenetik. Berandu bada ere hementxe gara.  

Iraila ekintzaz beterik izan dugu eta ikasturtea ere hala joango dela dirudi, beraz horiek denen berri izan dezazuen, hemen idazten joango gara pixkanaka.  

Lehenik eta behin gure burua aurkeztea izango da egokiena. Dagoeneko LH5. mailan gaude eta hementxe jarriko dugu gure taldeko argazkia.  

 

Laster berri gehiago izango dituzue! Beraz , gero arte!