2020-2021

Gure Eguzki Sistema sortzen

Kaixo!! 

Eguzki Sistema eta planeten inguruan gauza pila ikasi ondoren, azken aste hauetan, sormen gelan egon garela  aprobetxatuz, gure eguzki sistema sortzeari ekin diogu!

Lehendabizi, planetak nolakoak diren jakiteko etxetik ekarritako eta gelan ditugun liburuak aztertu ditugu.

Planeta bakoitzaren ezaugarriak argi izan ondoren, gure planetak egiten hasi ginen. 

Nola gelditu zaizkigun ikusi nahi? Hona hemen!

Planetak prest izatean, gure eguzki sistema osatzen jarraitzeko eguzkia eta ilargia falta zitzaizkigun. Eguzkia nola egin genezakeen? Planetak baino handiagoa izan behar zen baina zer erabili genezakeen berau marrazteko? Gure geletan neurketak eta frogak egiten ibili ondoren aurkitu genuen modua! Ilargia egitea errazagoa izan zen…

Eguzki Sisteman ordea, aipatutako guztiaz gain, meteoritoak daudela ere bagenekien. Su eta harriekin  osatuak daudela ikusi genuen liburuan eta hauek nola egin pentsatzeari ekin genion. Tenpera koloreak nahastu, paper eta materialak atera eta irudimena martxan jarrrita lanean hasi ginen! Begira begira!!

Eguzki Sistemako elementu nagusiak bukatu genituenean, arazo berri batekin egin genuen topo. Non kokatu guzti hau? Espazioa sortu behar genuen baina nola egin? Nolakoa da espazioa? Hasiera batean beltz beltza zela uste genuen baina berriz liburuak kontsultatu ondoren, konturatu ginen kolore desberdinetako izarrak, nebulosak… ere bazeudela eta beraz, kolorea ere sartu behar genuen gure espazioa sortzerako garaian. Hona hemen prozesuaren inguruko zenbait argazki!

Espazioa bukatzerakoan, gure planetak eta eguzkia bertan kokatu genituen baina ez edozein ordenetan! Jarraian, elementu bakoitzari dagokion izena idatzi genion txarteltxoetan.

Egindako ormairudia pasabidean jartzeko unea heldu zen baina eskolako gainontzeko lagunek egindakoa zer zen jakiteko izenburua egitea falta zitzaigun! Denon artean beharrezkoak ziren letrak margotu, moztu eta kokatzeari ekin genion!!

Gure lanari bukaera emateko, meteoritoak, espaziontziak…kokatu genituen baina liburuak berriro begiratuz konturatu ginen Marte eta Jupiter planeten artean dagoen harrizko harresia egitea falta zitzaigula! Martxan jarri ginen eta liburuen laguntzarekin toki egokian kokatu genuen gure lana borobilduz! 

Azken emaitza zein den jakin nahi duzue? Hona hemen!