2020-2021

Iturzaetako espaziontzia

Kaixo familiak!

Gabonetako oporraldia eta gero, gure espaziontzia sortzeari ekin genion. Hilabete honetan zehar lan pila egin dugu. Zertan aritu garen jakin nahi duzue? Ondo zabaldu begiak gauza pila ditugu azaltzeko eta!

Espaziontzia eraikitzen hasi aurretik, talde handian elkartu eta guztion artean  espaziontzi batek izan behar dituen atal desberdinak zeintzuk diren zerrendatu genituen. Aste osoan zehar  nahi zuenak bere  espaziontzi proposamena burutu zuen. 

Aste bukaeran, denak ikusgai jarri eta  bozketa egin genuen. Boto zenbaketa egin ondoren, hau izan zen aukeratu genuen espaziontzia!

Espaziontzia aukeratu ondoren, nola eta zein material behar ziren pentsatu behar genuen. Ordenagailuan bideo desberdinak ikusi eta gero,  material zerrenda osatu genuen. Gure ideia espaziontzi barruan astronauta bi sartzea zen, beraz kartoi erraldoia behar genuen. Non bilatu ordea horren kartoi handia? denon artean ideiak bota eta pixkanaka etxetik kartoi desberdinak ekartzen joan ginen. 

Espaziontzirako behar genuen kartoi handia lortu genuenean, lurrean zabal-zabalik jarri eta zituen zuloak zeloarekin konpondu ondoren, neurketak egin eta beharrezkoak ez ziren zatiak mozteari ekin genion. Horretarako kuterra erabili behar genuen eta tresna arriskutsua denez, irakaslearen laguntzarekin egin genituen mozketak.

Pixkanaka gure espaziontzia forma hartzen hasi zen baina leihoak eta atea egiten hasteko ordua zen. Atea egiten hasi baino lehen, altuerak zenbatekoa izan behar zuen jakiteko gelako guztiak neurtu behar ginen lehendabizi denak sartzeko aukera izan ahal izateko. Metroarekin trebatu, neurketak egin eta koloretako altuera lerroak osatu genituen. Begira!

Leihoak egiteko gelan forma borobila eta tamaina egokia izan zezakeen objeturen bat aurkitzeari ekin genion baina ez zen lan erraza izan. Batzuk txikiegiak, beste batzuk handiegiak….baina azkenean aurkitu genuen egokia! Gelan zintzilik genuen eguzkia! Informazio eta material guztia prest genuen eta beraz, lanari ekin genion.

Jarraian, espaziontziko hegalak eta teilatua egiten hasi ginen. Hegalak egiten ondo moldatu ginen baina teilatua ez genekien nola egin. Alanbrearekin saiatu ginen, kartoiarekin….baina buelta asko eman ondoren, kartulinekin oinarri handi bat osatu eta kono bat osatuz lortu genuen!

Espaziontzia prest izan ondoren, sormen gelan geundela aprobetxaturik, mantalak jarri eta margotzeari ekin genion. Espaziontzi koloretsua aukeratu genuen eta oraingo honetan, koloreak nahastu eta gure sormena martxan jartzeko unea zen.

Kanpoko aldearekin bukatu ondoren, barrukaldearekin hasteko ordua heldu zen. Ikaskide batek etxetik ekarritako bolantea apaindu genuen eta barruan jartzeko panelak moztu genituen. Jarraian, espaziontziaren atea sortu genuen plastikoarekin eta gure espaziontzia bukatutzat emateko, bakoitzak  izen proposamenak aipatu eta bozketa egin ondoren, ITURZAETA jartzea erabaki genuen!

Hilabete honetan lan ikaragarria egin behar izan dugu baina emaitzak eta prozesuan  ikasitakoak merezi izan du! Azken emaitza ikusi nahi? Hona hemen ITURZAETAKO ESPAZIONTZIA!!