2020-2021

Hondartzaz eta ozeanoertzaz gozatzen

Aupa familiak!

Astelehenean Kaixo Mustoko Anjel eta Hanniren bisita jaso genuen  hondartzak eta ozeanoertzei buruzko ekintzak aurrera eramateko.

Beharrezkoak ziren azalpenak eman ondoren, hondartzara joan ginen. Oinutsik eta eroso jarri ondoren, lehendabizi burutuko genuen ekintzaren berri eman ziguten.

Marea igotzen edo jeisten zegoen jakiteko, punta bakoitzean makil bana zuten  hiru  soka luze bat eman zizkiguten. Soka hauetako makiletako bat hondarretan sartu genuen eta ur ertzean bestea. Sokak bertan utzi genituen eta goizaren bukaeran ur ertzean jarritako makila  non zegoen ikusiko genuen.

Bigarren ekintza burutzeko binaka jarri ginen eta aurrekoak uzten  zituen aztarnen gainean  pausuak eman behar genituen. Jarraian hondarretan egin zizkiguten ibilbideak jarraitu behar izan genituen. Begira begira!

Hurrengo ekintzan eskultoreak izan behar genuen. Berriro binaka jarriz, bietako batek nahi zuen postura hartu eta besteak makilarekin bere silueta irudikatu behar zuen. Bukatzeko siluetaren barrukaldea margotu behar genuen gure eskuekin. Hona hemen emaitza!

Laugarren ekintzan Euskal Herriko hondar-pastel indartsuena burutu behar genuen eta bukatzerakoan harri bat jarri behar genuen gainean. Askoek ez zuten harriaren pisua aguantatzen baina Anjelek eta Hannik emandako azalpen eta teknikei esker lortu genuen helburua.

 

Jarraian  binaka jarri eta zenbait osagai nahastu ondoren ( hondarra, olioa, hirina) sortutako masarekin, artisten pare irudi desberdinak osatu behar izan genituen. Irudimena martxan jarri eta aurrera!

Goizari bukaera emateko, burbuilen dantzan murgildu ginen. Primeran pasa genuen!

Goiz paregabea pasa genuen! Eskerrik asko Anjel eta Hanni!!

2020-2021 · Sin categoría

Altxorraren bila!

Kaixo kaixo!!

Badakizue zer gertatu zitzaigun aurreko ostiralean?

Gelara sartzean trapu pilla topatu genituen lurrean! Baita ezpata, altxorraren mapa eta pista bat ere!  Piratak bat izan zen! Altxorra utzi omen zigun eta horretarako,  partxea margotu, zapia buruan jarri eta mapa eskuan abiatu ginen, pirata bihurtuta gu ere!

 

Eta halaxe eraman gintuen lehen pistak eskola aurreko parkera, kabia egindako lekua aipatzen baitzuen! Han, txapela batekin zetorren hurrengo pista, Getariako diseinatzailea aipatuz.

 

Txalekoa aurkitu genuen Balentziaga museo kanpoan eta hurrengo pistari jarraituz, Elkanoko monumentura jaitsi ginen, piratak eskatu bezala, abestuz bidean..  “sardina baat, bi sardina…“. 

Gerriko eta guzti, abitu ginen azken pistaraino eskutik emanda, bertan baitzegoen altxorra ikusi ahal izateko kataloxa! Baita lau urtekoak ere! Haiei ere piratak altxorraren bila antolatu zien!

Bertatik ikusten omen zen non zegoen altxorra, pala eta kuboz egindako zuloren batean… Noski, hondartzan!! Ziztu bizian jaitsi eta hantxe topatu genuen X: han zegoen gure altxorra

Eguraldia, konpainia eta paisaiaz gozatuta, eskolara itzultzeari ekin genion, goiz ederra pasata!

Orain ulertzen dugu abestia “Piraten bizitza hoberena da”, horrela lagunekin jolasean eta mokadu goxoa janda, primeran bizi delako bat! 

Pasa genuen egun paregabearen erakusle hemen duzue bideoa!

https://youtu.be/rS5_sk4PgcI

Ayo pelayo!

2020-2021

Talde lanean sormena lantzen

Kaixo Familiak!!

Azken asteetan sormena lantzen ibili gara baina oraingo honetan, bakarkako lanak alde batera uzten saiatu gara eta talde lanetan trebatzen hasi gara. Lehen pausuak emateko, kartoi handi bat ekarri genuen sormen gelara eta talde txikietan  txandaka elkarren artean osatu genuen. Hasieran arraroa egin zitzaigun baina ikaragarri disfrutatu genuen! Hau izan zen emaitza!

Emaitza hau lortzeko teknika eta material berri batekin esperimentatu genuen. Ura eta tenpera nahastu genituen eta begira zein material erabili genuen!

Hasierako talde lana burutu ondoren, talde txikietan artelanak sortzeari ekin genion. Teknika eta material honekin ezin hobeto pasa genuen sormena landuz baina oraingo honetan, prozesuaren pausu gehiago gauzatu genituen. Artelanei  kartoiarekin markoak prestatu eta kokatu genizkien jarraian, baina beste pausu bat falta zitzaigun… artelana sortu duten egileen izena jarri eta taldean artelanarentzako izena adostea. 

Bukatzeko, artelanak eskolako sarreran kokatu genituen erakusketa gisa!

Prozesua zer nolakoa izan den ikusi ahal izateko bideo hau prestatu dugu. Ea gustoko duzuen!