HH4

GURE ZIRKU MAGIKOAREN EMANALDIA

 

Gaur egun oso berezia bizi izan dugu gure eskolan…  “Gure zirku magikoa” 🎪✨emanaldia egin dugu!!!

4 urteko ikasleek ilusio handiz prestatu duten zirku magikoa azkenean iritsi da. Egun hauetan zehar, gure artista txikiek gogoz lan egin dute: bakoitzak bere jantzia prestatu du, emanaldia antolatu dute eta xehetasun guztiak entseatu dituzte dena primeran ateratzeko.

Eta gaur… heldu da egun handia!

Emanaldia hasi aurretik, prestaketa une berezi batez gozatu dugu: makillaje saioa, jantziak jartzea eta azken entsegu txiki bat, urduritasuna baretu eta giroa emozioz betetzeko.

Eskerrak eman nahi dizkiegu LH6ko Goiatz, Naiara, Libe eta Mareni.  Ikasleak makilatzen eta janzten lagundu digutelako!!!

Ikusle gisa, 2, 3 eta 5 urteko ikasleak etorri dira, eta oso gustura jarraitu dute ikuskizuna. Haien barreak, txaloak eta harridura aurpegiak izan dira, zalantzarik gabe, gure artisten saririk onena.

Oholtza gainean, akrobata bikainak, malabarista trebeak, mago harrigarriak, lehoi ausartak haien domatzaileekin, pailazo dibertigarriak… eta baita krispeten saltzaileak ere! 🍿

Dena primeran atera da, eta ezin harroago gaude haiekin.

Txalo zaparrada handi bat gure “Gure zirku magikoa”-ko artista guztientzat! 👏🎭

Beheko estekan sakatuz,  ZIRKUAREN EMANALDIA ikusgai duzue:

GURE ZIRKU MAITEAREN EMANALDIA

HH4

TXITAK JAIO DIRA GELAN

Ikasle bati olentzerok inkubadora oparitu ziola aprobetxatuz, gelara ekarri eta arrautzetatik txitak nola jaiotzen diren ikusteko aukera izan dugu. 21 egunez inkubadoran egon ostean txitak jaio dira eta a ze festa daukagun gelan! Nahiko lan badaukagu beraien kutxa garbitu eta txitak elikatzen, baina horrela, zaintza ere lantzen dugu. Azkar asko hazten ari dira, gustura dauden seinale. 

 

Beheko esteka honetan arrautza nola puskatzen dan eta txitoa jaiotzen ikusgai duzue:

txita jaiotzen

HH4

KRISTINA-ENEA PARKERA IRTEERA

Joan den ostiralean Kristina Enea parkera joan ginen txangoan. Haur batzuek, “Pistina Enea” deitzen zioten, eta horrek barre ugari eragin zizkigun ibilaldian zehar. Eguraldi ona izan genuen, eta horri esker naturaz lasai gozatzeko aukera izan genuen. ☀️🌳

Parkean zehar ibiltzen ginela, paumak, ahateak eta zuhaitz mota ugari ikusi genituen; ehunka zuhaitz desberdin! Gure ingurua behatzen aritu ginen eta naturari buruz gehiago ikasteko aukera izan genuen.

12:00etan “Eta zu nongoa zara?” tailerrean parte hartu genuen. Jarduera honetan hainbat animaliaz mozorrotu ginen: dortokak, kanguruak, jirafak, pinguinoak eta krokodiloak. 🐢🦒🐧🐊 Tailerrari esker animalia bakoitzaren jatorria ezagutu genuen eta haiei buruzko hainbat bitxikeria interesgarri ikasi genituen.

Ondoren, parkearen ondoan dagoen zelai batean bazkaldu genuen. Han atseden hartu, jolastu eta elkarrekin une atseginak partekatzeko aukera izan genuen. 🧺🌱

Eguna amaitzean autobusez itzuli ginen Getariara. Oso nekatuta iritsi ginen, baina aldi berean pozik, egun horretan bizitako eta ikasitako guztiarekin. 🚌😊

Sailkatu gabea

Lorategi magikoa Olatu gelan

Iñauterietan eta gerora ere zirko lanak egin ostean, lanpetuta jarraitzen dute HH4ko artista hauek zirkoko proiektuan murgilduta. Sorginkeria kutsua duen Sarian Zun Zun abestiarekin magia eginez datoz oraingoan. Jo eta ke, lorategiko lore ederrena sortu arte! Hemen klikatu, bideoa ikusteko.

Sarian zun zun,
sarian zun zun zena,
launkirinkun launkirinkun
launkirinkun lena!

HH4

ARGI BELTZA

Ostiralean ARGI BELTZA tailerraz gozatu genuen. Gure ikasleak, gelak ilunak ikusterakoan,  sorpresa galantarekin topatu ziren. Elementu txuriek, naiz fosoforitoek, argi berezia eta desberdina eskeintzen ziguten.  Tenpera, plastilina, margo, makillaje  eta mozorro fosforitoekin  zentzumen espazio honetan MUNDU MAGIKO batean murgiltzeko aukera izan genuen.

 

 

HH4

ONDO PASA NEGUKO OPORRAK!

-ENEEEE MARI DOMINGI, IKUSTEN AL DITUN UME EDER HAUEK?

-BAI OLENTZERO, A ZE UME JATOR TA EDER ASKUAK!

-HARTUKO NIKEN HAUEN INDAR ETA NERBIYUA GARAI HAUETAKO!

-TIRA TIRA POTXOLO, GU´RE UAINDIK BAZAKAGUK INGURUAK ASTINTZEKO GARRA!

-HARA, ARGAZKIYA NAHIKO DITINE HAUEK E.  AIZU, TA IRAKASLEK E EZ DAKAE BA ITXURA MAKALA…

-IKATZA OLENTZERO! HAUEI ZAKUKA IKATZA BAKOITZAI!

 

HH4

EGUNEKO ZENTRORA BIXITA

Getariko eskolatik eguneko zentrora paseotxo bat baino ez dago, erraz egin daitekeena. Zeinen gertu gauden distantzian, urrutixeago urteetan barrena, ta ziurrenik, urrunegi eguneroko martxan. Etxera iritsitakoan, amari besarkada bat eman eta “maite zaitut” esateko esan dio Domingak haur bati eskuetatik helduta. 97 urte ditu eta berak badaki guk oraindik ikasteko dauzkagun gauza asko. Elkarrekin abestu dugu, eta bingoan jolastu, eta oso gertu sentitu gara, lau urteko haurrak eta noizbait lau urteko haur izan zinetenak. Momentua bizitzeko esan digute, ez egoteko ostiralaren zain poz hori gureganatzeko, beti dela orain, eta horrek inporta duela. 

Eskerrik asko Teresa, Juan, Rosario, M.Angeles, Lore, Josefa, Eugenia, Dominga eta Josefina une goxo honengatik. Aurrerantzean, gertu izateaz gain, hurbil sentitu nahi zaituztegu, hoixe baietz!