HH3

Acuariumera irteera zoragarria!

Kaixo familia!

Gaur egun berezia izan dugu eskolan! 3 urteko gelako ikasleok, 4 eta 5 urtekoekin batera Acuariumera joan gara itsasoko animaliak gertutik ezagutzeko. Goizean, autobusean igo gara emozioz beteta, eta Donostiara iristean, abentura hasi da!

Acuariumen itsasoko animalia asko ikusi ditugu: arrain koloretsuak, marrazoak, manta arrainak… Bakoitzak txartel bat  eraman dugu soinean, eta bertan agertzen zen animalia aurkitzen saiatu gara. Ia denak topatu ditugu, baina batzuk ez… Adibidez, benetako balearik ez dugu  ikusi,  baina bere hezurrak bai!

Edurne itsas zaldiak  ikusteko irrikitan zegoen, eta zorionez, horiek topatu ditugu! Eskolan lantzen ari garen  itsas izarrak ere ikusi ditugu. Horietako bati bi beso falta zitzaizkion… Zer gertatu ote zaio? Eta orain zer gertatuko zaio? Galdera asko sortu zaizkigu!

Acuariumeko bisita amaitzean, Zarauzko Salbide parkera joan gara bazkaltzera eta ondoren elkarrekin jolasten primeran pasatu dugu. Arratsaldean, nekatuta, baina oso pozik  bueltatu gara eskolara.

Egun ahaztezina izan da! Non izango da gure hurrengo abentura?

 

 

HH3

Itsas izarretik Acuariumera

Familia agurgarriak,

Datozen asteetan, gure 3 urteko geletan itsas munduari buruzko proiektu zirraragarri batean murgilduta ibiliko gara. Gure lagun batek itsas izar lehortu batzuk ekarri zituenean hasi zen dena. Galdera handi bat sortu zen gelan: Uretan jarriz gero, berpiztuko al dira?

Haurren jakin-minetik abiatuta, itsasoaren misterioa esploratuko dugu: itsas izarrak eta beste itsas animaliak nola bizi diren ikasiko dugu, haien bizilekuak ezagutuko ditugu eta jarduera berezi bat ere  prestatuko dugu… Donostiako Aquariumera irteera!

 

Dagoeneko etxetik materiala jasotzen ari gara. Mila-mila esker!

 

HH3

IÑAUTERIAK ESKOLAN: HARRIJASOTZAILEAK IZAN GARA!

 

Aupa, familiak!

Aurten, gure eskolako inauteriak kirolaren inguruan izan dira, eta gu harrijasotzaile bihurtu gara! Gogotsu eta ilusio handiz prestatu dugu jaia, “Iñauteriak prestatzen: harrijasotzaileak” proiektuaren bidez. Proiektu honetan zehar, harrijasotzaileen mundua ezagutu dugu: nola entrenatzen duten, zein indartsuak diren eta gure kulturaren parte garrantzitsua direla ere ikasi dugu.

Inauteri egunean, harri handiak altxatuz, indartsu eta ausart atera gara kiroldegian! Mozorro ederrekin, umorez eta musikaz, primeran pasa dugu! Hamaiketako goxoa, dantzak eta elkarrekin bizitako momentuak ez ditugu ahaztuko.

Eskerrik asko familiei laguntzeagatik! Hurrengo urtera arte! Inauteri zoragarriak izan ditugu!

🎭💪 Gora inauteriak eta gora harrijasotzaileak! 💪🎭