3. mailako lehen proiektuan murgilduta gabiltza azken asteotan. “Gure ametsetako jatetxea” izena jarri diogu eta horretan gabiltza, amesten eta ikasten.
Proiektuaren barruan, herriko jatetxe bat ezagutzeko aukera izan dugu aste honetan: Txoko. Beso zabalik eta parrilla piztuta egin ziguten ongietorria Maialen, Enrique eta Manuk. Parrillaren historiaz eta bilakaeraz hitz egin, “kelepario”-ren osagai sekretuak asmatzera jolastu eta arraina nola erre erakutsi ziguten. Guk, bitartean, prestatuta eraman genituen galderak egin genizkien banan bana. Pazientzia handiz eman zizkiguten azalpen guztiak, eta emandako aholkuak ere erabilgarriak izango zaizkigu gure jatetxea osatzeko.
Sabela eta koadernoa ondo beteta itzuli ginen gelara. Eskerrik asko bihotzez. Zoragarria izan da Getariako historia eta gastronomia bertatik bertara ezagutzeko aukera izatea. Nork daki, agian, gure artean etorkizuneko sukaldariren bat egongo da! Suak piztuta jarrai beza!