LH4

LH3 eta LH4koak elkarrekin!

Irailaren 24an, ikasturte honetan 2. ziklora etorri diren LH3ko ikasleekin irteera egin genuen Zarautzera. Gu dagoeneko beteranoak gara ziklo honetan, baina jolas-orduetan eta tailerretan ere elkarrekin egongo garenez, elkar hobeto ezagutzeko aprobetxatu genuen.

Aitze auzoan ur pixka bat edateko geratu ondoren, konturatzerako Zarauzko Torreoira iritsi ginen. Bertan hamaiketakoa egin, jolastu eta herrira jaisteko prestatu ginen.

Zarauzko malekoia ia erabat zeharkatu behar izan genuen Borguetto parera iristeko. Bainujantziak jantzi, eta bero egiten zuenez, itsasora hurbildu ginen. Oso zakarra zegoen eta orkatiletaraino sartu baginen ere, olatuek astindu ederrak eman zizkiguten!

Motxilan eramandako makarroi eta otartekoak bazkaldu ondoren, jolaserako aukera izan genuen. Berehala iritsi zen jasotzeko ordua eta fresko-fresko egin genuen Pilartxo Eneako autobus geltokirako bidea. 

Uda giroko egun-pasa dotorea izan zen! Aupa gu!

LH4

Kaixo LH4!

Konturatzerako iritsi zaigu iraila eta horrekin batera, Eskolan martxan hasteko garaia! 

Hasiera, hala ere, samurra izan da! Paddle ikastaroa izan dugu hiru egunetan eta Manex, Unai eta Mikelek taula gainean arraun egiten irakatsi digute. Eguraldia lagun, primeran pasa dugu tauletatik zanbuila egin eta besteen taulak abordatzen!

Ikasturte polita datorkigu! Goazen!

LH3

Agur LH3!

Konturatzerako iritsi zaigu ikasturteari agur esateko unea. Irailean elkar ezagutu genuenetik, lan asko egin dugu elkarrekin, baina izan dugu iribarreak, malkoak eta haserrealdiak partekatzeko denbora ere.

Oporrak hartu aurreko azken astean, Garate gainera eta hondartzara joateko plana egin dugu. Horrela esan diogu agur LH3ari!

Oporretan egon arren, jarri tarteka burua lanean: irakurri gustuko liburuak, idatzi postalak familiakoei eta lagunei, begiratu ordularia eta kalkulatu 2 eurorekin zenbat litxarkeria erosi ditzakezuen!

Gozatu udaz, familiaz eta lagunez, deskantsatu, jolastu, jolastu eta jolastu! Irailean ikusi dugu berriz elkar! Besarkada bana! Aioo! 

 

 

LH3

Lastur

Ekainaren hasieran bi egunetako irteera egin genuen Lasturrera. Ostegunean eguraldiak gehiegi lagundu ez bazigun ere, antolatutako ekintzak aurrera eraman ahal izan genituen. 

Espeleologia egitea tokatu zitzaienak, kaskoa eta arnesa jantzi eta bi kilometrora dagoen kobazulo batera joan ziren. Ausartenek 5-10 metro inguruko saltoa (ados ezin jarri) egiteko aukera izan zuten.

Darwin zaldiari ere nahikoa lan eman genion. Banan bana ibili ziren zezen plazan zein belardian bueltak ematen. Pottokak orrazteak ere arrakasta handia izan zuen.

Eskulanetan, “Txotxomotxoa” egiteko aukera izan genuen, eta pazientzia haundia zutenek koloretako krokodiloa ere bai.

Nekatuta egon arren ohera joateko gogo gutxi zegoenez, pijama desfilea eta dantzaldia egin genituen.

Xaxa txakurra lagun izan genuen egonaldi osoan. Errekak ere jolaserako aukera handia eman zuen. Oinetako guztiak busti eta etxeko zapatilak soinean itzuli behar izan zuen batek baino gehiagok. Baina harriekin egindako presek eta harrapatutako hamarra eta zapaburuek merezi izan zuten!

Oso oroitzapen onak ekarri ditugu Lasturtik! Aupa gu!

    

ENGLISH · LH3

Good Bye Emily!

Good Bye Emily!

Ingalaterratik etorrita, ingeleseko saioetan eta tailerretan gurekin izan da Emily ikasturtean zehar.

Atzo agur goxo bat egin genion denon artean eta hemen dituzue irudi batzuk.

Thank you for everything!        We’ll miss you!

ENGLISH · LH3

Save the planet

Hello everybody!

Azken asteetan “Save the planet” proiektua landu dugu. Gure Lurra planeta zaintzen ikasi dugu eta zuekin ere partekatu nahi ditugu zenbait aholku. Hemen duzue sortu dugun bideoa.

Ea gustuko duzuen!

Stickers de Salve el planeta - Stickers de ecología y medio ambiente gratis

LH3

Zarautz ezagutzen

Urola Kostari buruzko proiektuari amaiera emateko, azaleraz oso handia ez den arren, biztanle eta dentsitate handiena duen herria ezagutzera joan gara, Zarautzera hain zuzen.

Turismo Bulegoan ekin diogu herri ezagutzeko jolasari. Mapan markatuta zeuden txoko ezberdinetara joan eta bertako galdera eta erronkak ondo erantzunez gero, koloretako munstro txikiak askatzen joan gara. Gelan ikasitakoaz gain, txoko eta istorio berriak ikasteko aukera ere izan dugu! Eta urrezko garaikurra lortu dugu, gainera!

Etxean prestatutako hamaiketako eta bazkari goxoek tripazorriak eragin dituztenez, Getariari begira bazkaldu dugu. Horregatik omen da Zarautz ederra, dituen bistengatik 😉

Eguraldia lagun izan dugu eta jolasean batera eta bestera ibili ondoren, autobusez itzuli gara Eskolara. 

 

  

LH3

Loretxoa!

Urola Kostako proiektuarekin buru-belarri gabiltza azken aste hauetan. Gaur bertan, eskualdeko 6 herri irudikatzen dituzten maketak jarri ditugu Eskolako sarreran eta lehiaketa txiki bat antolatu dugu. Animatu eta parte hartu! Ea asmatzen duzuen maketa bakoitza zein herriri dagokion!

Euskarako saioetan ikasten ditugun euskal abestiekin ere keinu bat egin nahi izan diogu proiektuari eta horretarako, eskualdeko abeslari handienetariko baten abestia aukeratu dugu: Benito Lertxundiren “Loretxoa” hain zuzen. Gaur, bi taldeak elkartu eta gitarraren laguntzaz abesteko aukera izan dugu. Oso polita geratu da! Hemen duzue bideoa ikusteko lotura: BIDEOA.

LH3

Liburuaren astea!

Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen denez, aste osoan zehar ekintza bereziak egiteko aukera izan dugu.

Atzo, gure mailako Lore eta Julenek, Getariako literatura lehiaketan sarituak izan diren euren lanak irakurri zizkiguten. Ze artistak! Zorionak bioi!

Gaur goizean, berriz, LH6ko Haron, Akram eta Martin txisteak kontatzera etorri dira. 

Eguerdi partean, LH3A gelakoak HH2ra joan gara ipuina kontatzera. Pasa den astetik prestatzen aritu garen istorioa denon artean kontatu diegu. Eserita eta adi jarraitu dute kontakizuna Eskolako txikienek. Asko gustatu zaie eta liburua bertan utzi behar izan dugu.

Gogoratu, familiako kideak ere gonbidatuta zaudetela ipuin, olerki, igarkizun edo txisteak kontatzera. Guzti-guztiak dira ongi-etorriak! Poz-pozik entzungo ditugu!