LH3

Zarautz ezagutzen

Urola Kostari buruzko proiektuari amaiera emateko, azaleraz oso handia ez den arren, biztanle eta dentsitate handiena duen herria ezagutzera joan gara, Zarautzera hain zuzen.

Turismo Bulegoan ekin diogu herri ezagutzeko jolasari. Mapan markatuta zeuden txoko ezberdinetara joan eta bertako galdera eta erronkak ondo erantzunez gero, koloretako munstro txikiak askatzen joan gara. Gelan ikasitakoaz gain, txoko eta istorio berriak ikasteko aukera ere izan dugu! Eta urrezko garaikurra lortu dugu, gainera!

Etxean prestatutako hamaiketako eta bazkari goxoek tripazorriak eragin dituztenez, Getariari begira bazkaldu dugu. Horregatik omen da Zarautz ederra, dituen bistengatik 😉

Eguraldia lagun izan dugu eta jolasean batera eta bestera ibili ondoren, autobusez itzuli gara Eskolara. 

 

  

LH3

Loretxoa!

Urola Kostako proiektuarekin buru-belarri gabiltza azken aste hauetan. Gaur bertan, eskualdeko 6 herri irudikatzen dituzten maketak jarri ditugu Eskolako sarreran eta lehiaketa txiki bat antolatu dugu. Animatu eta parte hartu! Ea asmatzen duzuen maketa bakoitza zein herriri dagokion!

Euskarako saioetan ikasten ditugun euskal abestiekin ere keinu bat egin nahi izan diogu proiektuari eta horretarako, eskualdeko abeslari handienetariko baten abestia aukeratu dugu: Benito Lertxundiren “Loretxoa” hain zuzen. Gaur, bi taldeak elkartu eta gitarraren laguntzaz abesteko aukera izan dugu. Oso polita geratu da! Hemen duzue bideoa ikusteko lotura: BIDEOA.

LH3

Liburuaren astea!

Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen denez, aste osoan zehar ekintza bereziak egiteko aukera izan dugu.

Atzo, gure mailako Lore eta Julenek, Getariako literatura lehiaketan sarituak izan diren euren lanak irakurri zizkiguten. Ze artistak! Zorionak bioi!

Gaur goizean, berriz, LH6ko Haron, Akram eta Martin txisteak kontatzera etorri dira. 

Eguerdi partean, LH3A gelakoak HH2ra joan gara ipuina kontatzera. Pasa den astetik prestatzen aritu garen istorioa denon artean kontatu diegu. Eserita eta adi jarraitu dute kontakizuna Eskolako txikienek. Asko gustatu zaie eta liburua bertan utzi behar izan dugu.

Gogoratu, familiako kideak ere gonbidatuta zaudetela ipuin, olerki, igarkizun edo txisteak kontatzera. Guzti-guztiak dira ongi-etorriak! Poz-pozik entzungo ditugu!

LH3

Mutiozabal ontziolara bisita

Pasa den ostegunean Oriora egin genuen irteera. Oria ibaiaren ondoan dagoen Mutiozabal ontziolako ateak parez pare ireki zizkigun Eiderrek iritsi ginenerako.

Bisitaren hasieran, ontzigintzak Euskal Herrian izan duen garrantziaz eta bilakaeraz aritu ginen, baita Mutiozabal familiaz edo Jesus Mari Peronak ganbaran aurkitutako altxorraz ere. Jarraian, ikusgai zegoena baino 30 aldiz txikiagoa zen “Ala” izeneko ontzi bana eman eta gogotsu aritu ginen hura lixatu eta margotzen.

Ondoren, ontziola ezagutu eta ontzigintzan erabiltzen diren tresna batzuk probatzeko aukera izan genuen. Denboran atzera egin eta agian geure arbasoek egin izan zituzten lanak egiten arituko ginen, auskalo! Zirrikituren batetik begira egongo balira, zer esango ote zuketen?

Gosetuta geundenez, tirolinaren parkera joan ginen motxilan ekarritako bazkari gozoa jan eta jolastera. Eguraldi aparta zegoen horretarako, zalantzarik gabe! 

Ala eskuetan genuela poz-pozik itzuli ginen Getariara!

 

 

 

LH3

The woman I admire

  Hello everybody, 

Hiruhileko honetan deskribapen fisikoak eta izaerazkoak lantzen aritu gara ingeleseko saioetan: ahozko jolasak, hiztegiaren idazketa, egiturak, entzunaldiak..

Hau guztia zertarako? Ikasleek miresten duten emakume bati buruzko deskribapenak sortzeko.

Eskolako bigarren solairuan erakusketa dotorea geratu zaigu ikasleen sormenekin.

     

 

LH3

Euskal mitologia proiektua

Azken asteotan Euskal mitologia lantzen aritu gara ikasgelan, gure kulturaren ondare garrantzitsu bat ezagutzeko eta balioesteko helburuarekin. Proiektu honen bidez, aspaldiko kondairak eta izaki mitologikoak ezagutu ditugu.

Proiektua amaitzeko, taldeka antolatu gara eta bakoitzak kontakizun bat prestatu dugu. Kontakizun horiek irudikatzeko, marrazkiak egin ditugu eta baita istorioei bizia emateko ahotsak grabatu ere. Jarraian duzuen estekan daude kontakizun hauek ikusgai.

KONDAIRAK

Horretaz gain, euskal mitologiako pertsonaia nagusiak ere aurkeztu ditugu: Basajaun, Tartalo,  Lamiak, Sorginak, Akerbeltz eta Mari. 

Honekin, agur esaten diogu ikasketaz eta bizipenez beteriko urteari. 2026an gogotsu itzuliko gara proiektu berriekin.

Gozatu kondairetaz eta neguko opor zoriontsuak opa dizkizuegu!

LH3

Adineko eguneko zentrora bisita

Gaur goizean, Euskararen eguna dela eta, bisita berezia egin dugu adinekoen eguneko zentrora.

Denok batera euskarazko abesti ezberdinak abestu ditugu, eta giro bero zein hunkigarria sortu da hasieratik.

Xumea baina esanguratsua den ekintza honekin, euskarak belaunaldi guztiak batzen gaituela erakutsi dugu. 

Musikaren bidez, Euskara bizirik mantentzearen garrantzia azpimarratu dugu, egunero eta jai giroan ospatzeko modukoa dela gogoratuz.

https://hezkuntza-my.sharepoint.com/:v:/g/personal/m_artechemendizabal_irakasle_eus/IQCMCDDw6ZGgRbXhtz5YEcR8AQk85qsTA_sCxJ3yX7V9OZc?nav=eyJyZWZlcnJhbEluZm8iOnsicmVmZXJyYWxBcHAiOiJPbmVEcml2ZUZvckJ1c2luZXNzIiwicmVmZXJyYWxBcHBQbGF0Zm9ybSI6IldlYiIsInJlZmVycmFsTW9kZSI6InZpZXciLCJyZWZlcnJhbFZpZXciOiJNeUZpbGVzTGlua0NvcHkifX0&e=XfXTy4

 

 

LH3

Kondairak

Zergatik da itsasoa gazia? Zergatik dago zerua hain urrun? Zergatik dauzkagu eguna eta gaua? Galdera horiei erantzun ezberdina ematen diete zientziak eta mitologiak. Gu horiek aztertzen gabiltza buru-belarri 2. proiektu honetan.

Kontinente ezberdinetako kondairak entzuten aritu gara azken egunetan. Gaur, berriz, luxuzko bisitak izan ditugu gelan:  Teodoraren ama eta Aiurren aitona.

Pakok San Anton mendiaren jatorriari buruzko kondaira kontatu digu. Gehienentzat berria izan da Keta gaztearen istorioa. Ruzhicak, bestalde, Mazedoniako kondaira eta pertsonaia mitologikoak ekarri dizkigu gelara. Guztiak ere oso interesgarriak.

Belaunaldiz belaunadi etxeetan kontatu izan diren kondaira, elezahar eta istorio asko galtzen ari direla ikusita, horiek jasotzea izango da gure hurrengo erronka. Ez dadiala  haria eten! Eskerrik asko Pako eta Ruzhica!

 

LH3

Hello!

Dagoeneko amaitu dugu gure lehen proiektua “GOING TO A RESTAURANT”. Gure ikasleek beraien jatetxeak eta menuak sortu dituzte. Ikasi dugun guztiarekin prest gaude jatetxeetan ingelesez egiteko!

 

LH3

Gure ametsetako jatetxeak

Pasa den ostiralean, jatetxe bihurtu genituen eskolako ikasgelak. LH3ko ikasle bakoitzak familiako kide bat gonbidatu zuen bazkaltzera eta horrelaxe, erreserba liburuak berehala bete genituen “Izarra” eta “Iturzaeta” jatetxeetan azaroaren 7rako.

Proiektuan zehar ikasitakoa aplikatuz, menu osasuntsu eta jasangarriak prest geneuzkan. Eskolako baratza erabili dugu hainbat osagai lortzeko:  letxua, tomatea eta piperrak entsaladarako eta kuia edo kalabaza krema gozo-gozoa egiteko. Familien laguntza ere ezinbestekoa izan da gure menuak osatzeko. Denetik ekarri ziguten gure hornitzaileek: txibiak, izokina, hummusa, patata tortilla, jogurta, arandano pastela, galletak, pancake-a…

Sukaldari eta zerbitzariak, bakoitza bere lanean fin aritu ziren eta emaitza ere halakoxea izan zen. Tripa ondo beteta, kafea eskatzera ere ausartu ziren bezero batzuk! 

Hamabina pertsonarentzat bazkaria prestatzeak atzetik dakarren lan guztiaz jabetzeko balio izan digu proiektuak eta asko ikasi dugu elkarrengandik. Gure ametsetako jatetxeak egiazko bihurtu ditugu eta honekin, amaiera ezinhobea eman proiektuari. Nekatuta, baina oso pozik bukatu genuen eguna, sobratu ziren postreekin guk ere barruak gozatuz (azken hau ez inori kontatu, eh?).