LH3

Kondairak

Zergatik da itsasoa gazia? Zergatik dago zerua hain urrun? Zergatik dauzkagu eguna eta gaua? Galdera horiei erantzun ezberdina ematen diete zientziak eta mitologiak. Gu horiek aztertzen gabiltza buru-belarri 2. proiektu honetan.

Kontinente ezberdinetako kondairak entzuten aritu gara azken egunetan. Gaur, berriz, luxuzko bisitak izan ditugu gelan:  Teodoraren ama eta Aiurren aitona.

Pakok San Anton mendiaren jatorriari buruzko kondaira kontatu digu. Gehienentzat berria izan da Keta gaztearen istorioa. Ruzhicak, bestalde, Mazedoniako kondaira eta pertsonaia mitologikoak ekarri dizkigu gelara. Guztiak ere oso interesgarriak.

Belaunaldiz belaunadi etxeetan kontatu izan diren kondaira, elezahar eta istorio asko galtzen ari direla ikusita, horiek jasotzea izango da gure hurrengo erronka. Ez dadiala  haria eten! Eskerrik asko Pako eta Ruzhica!

 

LH3

Hello!

Dagoeneko amaitu dugu gure lehen proiektua “GOING TO A RESTAURANT”. Gure ikasleek beraien jatetxeak eta menuak sortu dituzte. Ikasi dugun guztiarekin prest gaude jatetxeetan ingelesez egiteko!

 

LH3

Gure ametsetako jatetxeak

Pasa den ostiralean, jatetxe bihurtu genituen eskolako ikasgelak. LH3ko ikasle bakoitzak familiako kide bat gonbidatu zuen bazkaltzera eta horrelaxe, erreserba liburuak berehala bete genituen “Izarra” eta “Iturzaeta” jatetxeetan azaroaren 7rako.

Proiektuan zehar ikasitakoa aplikatuz, menu osasuntsu eta jasangarriak prest geneuzkan. Eskolako baratza erabili dugu hainbat osagai lortzeko:  letxua, tomatea eta piperrak entsaladarako eta kuia edo kalabaza krema gozo-gozoa egiteko. Familien laguntza ere ezinbestekoa izan da gure menuak osatzeko. Denetik ekarri ziguten gure hornitzaileek: txibiak, izokina, hummusa, patata tortilla, jogurta, arandano pastela, galletak, pancake-a…

Sukaldari eta zerbitzariak, bakoitza bere lanean fin aritu ziren eta emaitza ere halakoxea izan zen. Tripa ondo beteta, kafea eskatzera ere ausartu ziren bezero batzuk! 

Hamabina pertsonarentzat bazkaria prestatzeak atzetik dakarren lan guztiaz jabetzeko balio izan digu proiektuak eta asko ikasi dugu elkarrengandik. Gure ametsetako jatetxeak egiazko bihurtu ditugu eta honekin, amaiera ezinhobea eman proiektuari. Nekatuta, baina oso pozik bukatu genuen eguna, sobratu ziren postreekin guk ere barruak gozatuz (azken hau ez inori kontatu, eh?).

  

LH3

Kantuan

Kaixo, familiak

Ari gara pixkanaka gure abesti bilduma osatzen: Lepoan hartu eta segi aurrera, Guk euskaraz, zuk zergatik ez, eta asteartean, urriak 28, San Simon eta San Juda ikasten hasiko gara. Letra-egileen eta abeslarien izenak ere ikasi ditugu: Telesforo Monzon, Pantxoa eta Peio, Gabriel Aresti, Urko eta Xabier Lete.

Hemen dituzue abestiak; kantatu denok batera eta gozatu!

Lepoan hartu ta segi aurrera!

Guk euskaraz, zuk zergatik ez

San Simon eta San Juda

GELAN ABESTEN

LH3

Gure ostalari ameslariak Txokon

3. mailako lehen proiektuan murgilduta gabiltza azken asteotan. “Gure ametsetako jatetxea” izena jarri diogu eta horretan gabiltza, amesten eta ikasten.

Proiektuaren barruan, herriko jatetxe bat ezagutzeko aukera izan dugu aste honetan: Txoko. Beso zabalik eta parrilla piztuta egin ziguten ongietorria Maialen, Enrique eta Manuk. Parrillaren historiaz eta bilakaeraz hitz egin, “kelepario”-ren osagai sekretuak asmatzera jolastu eta arraina nola erre erakutsi ziguten. Guk, bitartean, prestatuta eraman genituen galderak egin genizkien banan bana. Pazientzia handiz eman zizkiguten azalpen guztiak, eta emandako aholkuak ere erabilgarriak izango zaizkigu gure jatetxea osatzeko.

Sabela eta koadernoa ondo beteta itzuli ginen gelara. Eskerrik asko bihotzez. Zoragarria izan da Getariako historia eta gastronomia bertatik bertara ezagutzeko aukera izatea. Nork daki, agian, gure artean etorkizuneko sukaldariren bat egongo da! Suak piztuta jarrai beza!

 

LH3

Irristaketa

Bukatu dugu irristaketa ikastaroa! LH3A taldekoak lehenengo eta LH3Bkoak jarraian, launa eguneko ikastaroa egin dugu Ametsekin. Gustatu zaigu, ipurdiko galantak ere hartu ditugu baina! Hemen dituzue argazki batzuk.

 

 

LH3

Zinemaldira!

   Donostiako Zinemaldira!

Hasi dugu abentura

Torreoian ere geldialdia

han bazkaltzeko gustura

Gate Gainetik ikus daiteke

Getariaren itxura

Itsasoaren kulunkarekin

gure txangoa amaitu da

 

LH3

Baratzean

Eskolakoaz gain Sahatsaga parkean ere badugu baratza txiki bat. Ostiralean barazkien lehiaketan parte hartu genuen, baina aurretik baratza ikustera joan ginen, artoa, babarruna, ekilorea… Gustura entzun genituen Nagoreren azalpenak. Zuek ere begiratu hortik pasatzen zareten hurrengoan!

 

 

LH3

San Antongo mendian

Lehenengo astea egin dugu; elkar ezagutu eta martxan hasi gara: agendak, nahiak, lanak, arauak, antolaketa, ataria, irteerak… zenbat gauza!

Haize pixka bat hartu eta taldea hobeto ezagutzeko asteazkenean San Antongo mendian izan ginen, hemen Katxapon eta bidean ateratako pare bat argazki.