LH3

Gure ametsetako jatetxeak

Pasa den ostiralean, jatetxe bihurtu genituen eskolako ikasgelak. LH3ko ikasle bakoitzak familiako kide bat gonbidatu zuen bazkaltzera eta horrelaxe, erreserba liburuak berehala bete genituen “Izarra” eta “Iturzaeta” jatetxeetan azaroaren 7rako.

Proiektuan zehar ikasitakoa aplikatuz, menu osasuntsu eta jasangarriak prest geneuzkan. Eskolako baratza erabili dugu hainbat osagai lortzeko:  letxua, tomatea eta piperrak entsaladarako eta kuia edo kalabaza krema gozo-gozoa egiteko. Familien laguntza ere ezinbestekoa izan da gure menuak osatzeko. Denetik ekarri ziguten gure hornitzaileek: txibiak, izokina, hummusa, patata tortilla, jogurta, arandano pastela, galletak, pancake-a…

Sukaldari eta zerbitzariak, bakoitza bere lanean fin aritu ziren eta emaitza ere halakoxea izan zen. Tripa ondo beteta, kafea eskatzera ere ausartu ziren bezero batzuk! 

Hamabina pertsonarentzat bazkaria prestatzeak atzetik dakarren lan guztiaz jabetzeko balio izan digu proiektuak eta asko ikasi dugu elkarrengandik. Gure ametsetako jatetxeak egiazko bihurtu ditugu eta honekin, amaiera ezinhobea eman proiektuari. Nekatuta, baina oso pozik bukatu genuen eguna, sobratu ziren postreekin guk ere barruak gozatuz (azken hau ez inori kontatu, eh?).