HH4

DONOSTIAKO KRISTINA ENEA PARKEAN

Maiatzaren 29an, asteazkena, Donostiako Kristina Enea parkera joan ginen. Basoan sartu bezain laister, “Txingu” ezagutu genuen, bertan bizi den iratxo bat. Bere etxea zuhaitzak dira eta, hosto eta zuhaitzetako fruituak jaten dituela kontatu zigun. Txinguk, bere baso polita ere erakutsi zigun, baita bertan dauden hainbat gauza; zuhaitzak, animaliak, intsektuak… Lehendabizi esan ziguna, zera izan zen: basoan zehar ezagun batekin ibiltzea komeni dela, bertan galtzen diren ume eta helduak bertan gelditzen direlako betirako.   

 

Basoan gora eta behera ibili ginen, hainbat bidezidorretatik. Laku handi batean pila bat ahate zeuden eta Txinguk ahate arra eta emea bereizten erakutsi zigun. Ahate guztiak marroixkak jaiotzen direla baina hazi ahala buruko kolorea aldatuz joaten direla ere kontatu zigun. Burua urdin-berdexka izanez gero arrak direla, eta aldiz, burua marroixka gelditzen zaienak, emeak. Aintziraren beste aldean zisneak ere bazeuden.   

 

Basoan zehar zegoen bidezidor batean sartuaz batera, zuhaitzen inguruko informazio ugari eman zigun eta hiru zatitan banatzen dela azaldu zigun: sustraiak, enborra eta adar-hostoak. Txinguk, aipatu zigun, sustraiak ura xurgatzeaz arduratzen direla, enborrak ura garraiatzeaz eta adar-hostoak sukaldatzeaz.    

Horrez gain, zuhaitzei besarkatzea gustatzen zaiela eta kilimak egitea. Zuhaitzak beraien artean sustraien bidez besarkatzen eta kilimatzen dira, baina Txinguk guk nola egin behar dugun erakutsi zigun: Kilimak, salto txikiak edo korrika suabe eginaz. 

 

Ibilbidean zehar, Txinguk bere bi lagun aurkeztu zizkigun: ipuin kontalaria eta Pedro(zuhaitza). Ipuin kontalariak , ipuin labur bat kontatu zigun, aldiz Pedrori “Zorionak Zuri” abestu genion. 100 urte betetzen ditu eta guztion artean zaindu behar dugula kontatu zigun. Lagunak ezagutu ondoren, intsektuen hotela erakutsi zigun. Intsektuak eguraldi txarra dagoenean eta, lo egin nahi dutenerako etxetxo bat daukate eginda; ikaragarri gustatu zitzaigun.  

Primeran pasatu genuen Txingurekin Kristina Eneako basoa ezagutzen. Ondoren, gure kabuz basoa arakatzen eta gozatzen aritu ginen.