LH3

Agur LH3!

Konturatzerako iritsi zaigu ikasturteari agur esateko unea. Irailean elkar ezagutu genuenetik, lan asko egin dugu elkarrekin, baina izan dugu iribarreak, malkoak eta haserrealdiak partekatzeko denbora ere.

Oporrak hartu aurreko azken astean, Garate gainera eta hondartzara joateko plana egin dugu. Horrela esan diogu agur LH3ari!

Oporretan egon arren, jarri tarteka burua lanean: irakurri gustuko liburuak, idatzi postalak familiakoei eta lagunei, begiratu ordularia eta kalkulatu 2 eurorekin zenbat litxarkeria erosi ditzakezuen!

Gozatu udaz, familiaz eta lagunez, deskantsatu, jolastu, jolastu eta jolastu! Irailean ikusi dugu berriz elkar! Besarkada bana! Aioo! 

 

 

LH3

Lastur

Ekainaren hasieran bi egunetako irteera egin genuen Lasturrera. Ostegunean eguraldiak gehiegi lagundu ez bazigun ere, antolatutako ekintzak aurrera eraman ahal izan genituen. 

Espeleologia egitea tokatu zitzaienak, kaskoa eta arnesa jantzi eta bi kilometrora dagoen kobazulo batera joan ziren. Ausartenek 5-10 metro inguruko saltoa (ados ezin jarri) egiteko aukera izan zuten.

Darwin zaldiari ere nahikoa lan eman genion. Banan bana ibili ziren zezen plazan zein belardian bueltak ematen. Pottokak orrazteak ere arrakasta handia izan zuen.

Eskulanetan, “Txotxomotxoa” egiteko aukera izan genuen, eta pazientzia haundia zutenek koloretako krokodiloa ere bai.

Nekatuta egon arren ohera joateko gogo gutxi zegoenez, pijama desfilea eta dantzaldia egin genituen.

Xaxa txakurra lagun izan genuen egonaldi osoan. Errekak ere jolaserako aukera handia eman zuen. Oinetako guztiak busti eta etxeko zapatilak soinean itzuli behar izan zuen batek baino gehiagok. Baina harriekin egindako presek eta harrapatutako hamarra eta zapaburuek merezi izan zuten!

Oso oroitzapen onak ekarri ditugu Lasturtik! Aupa gu!