Otsailean lurrari esnatzeko abestu genion, eta kasu egin digula dirudi; eguna luzatu eta eguraldia epeltzen hasi ahala, baratza ere esnatzen hasi baitzaigu!
Eskola Agenda 2030 proiektuaren barruan, baratza biziberritzeari arreta berezia jarri nahi izan diogu aurten. Negua prestaketa lanetan jardun ondoren, iritsi da hazi, lore eta landarez betetzeko unea!
6. mailako ikasleak haur hezkuntzako patioan elkartu dira 2 eta 3 urteko txikitxoekin. Baratzean landatuko dituzten perrexila, erremolatxa, tomate eta marrubiak ikusi, ukitu eta usaintzeko aukera izan dute. Haur hezkuntzako patioan ere badute baratza txiki bat, eta bertan landatu dituzte marrubiak. Aukera aprobetxatuz, zentzumen guztiak pizteko moduko landare aromatikoak sartu dituzte inguruan: menta, erromeroa, izpilikua eta ezkaia hain zuzen.
5 eta 6. mailakoen artean ziazerba eta erremolatxak landatu eta azenarioa erein dute. Eta intsektuak erakarri eta polinizazioan laguntzeko, lorategi txiki bat ere prestatu dute ondoan. Tagete, bitxilore eta albahaka landarea tartekatuz lorontzirik koloretsuena osatu dute.
4.mailakoek urazak landatu dituzte; berdeak eta moreak. Ea oporretatik bueltan entsalada eder bat jateko moduan garen.
1.mailako ikasleei oporretan aurrera eraman beharreko erronka luzatu diegu: 3 mota ezberdinetako kalabaza haziak jogurt potoetan erein eta etxera eraman dituzte. Oporretatik itzultzen garenean ikusiko dugu ernetu diren ala ez eta horretan eragina izan duten baldintzak zein izan diren: argitasuna, ureztatze maiztasuna…
Ikusi duzuen bezala, bizi-bizi etorri da udaberria Eskolara! 🌼🌻🌷🥕🍅🥔