Etapa horren xedea haurraren garapen fisiko, intelektual, afektibo eta sozial osoa nahiz orekatua lortzea da.

HEZKUNTZA ESKAINTZA:

 

Mugimendu autonomoa

Hezitzaile taldeak aurrez antolatutako eta hornitutako espazio anitzak eskaintzen dira Haur Hezkuntzan. Helburua ondorengoa da: haurren esplorazio eta ikerketa autonomoaren ondorioz bideratzea ikaskuntza. Espazio bakoitzak nortasun propioa du, eta jarduera zein pentsamendu anitzak garatzen laguntzen du. Haur bakoitzak erabakitzen du non, norekin eta zertan aritu.

 

Proiektuak

Egunerokoan sortzen den edozein egoera aprobetxatzen dugu proiektuari hasiera emateko. Haurrak dira protagonistak, beraiek aukeratzen dutelako zein gai landu. Irakasleok gidari lanetan aritzen gara, eta elkarrekin hainbat galderei erantzuten diegu: zer egin nahi dugu? zertarako? zer behar dugu? non bilatuko dugu? Sortzen zaizkigun galderei erantzunak bilatuz eta emanez bideratzen da proiektua. Bide horretan, haur bakoitzaren erritmoa errespetatzen dugu, bakoitzari bere interes, behar eta mailara egokitutako ekarpenak egiteko aukera eskainiz. Horrela, haurrak bere interesgunetik abiatuta egingo du ikasketa prozesua.

 

Esperimentazioa

Esperimentatzeko aukera eta ekintza ugari eskaintzen zaizkie haurrei. Material erakargarriak, manipulatzeko errazak eta autonomiaren garapena ahalbidetzen dutenak uzten zaizkie eskuragarri. Modu honetara euren kabuz jarduteko, ezagutzeko eta behatzeko aukera dute haurrek.

 

Tailerrak

3, 4 eta 5 urteko haurrak batera egongo diren taldeak osatzen ditugu, astean arratsalde batez ekintza bereziak egiteko. Gurasoen parte-hartzea izaten dugu tailer horietan, eta horrela, talde txikietan abenturak bizitzeko eta elkar goxatzeko aukera izaten dugu.

 

Psikomotrizitate erlazionala

Harreman Psikomotrizitateak haurren berezko kode naturala eustea du helburu. Unean uneko jolasei jarraituz gauzatzen da komunikazioa: haurrek hizkera horren bidez azalarazten dituzte beren desioak, beharrak eta gatazkak; hau da, gorputzean gertatzen den guztia. Eta erantzuna bera ere gorputzaren bitartez ematen da: ahotsaren, begiradaren, irribarrearen, hizkeraren eta tonuaren bitartez.

 

Familien parte hartzea

Familiak eta hezkuntza komunitateko beste kide batzuk ere sarritan gonbidatzen ditugu gure Eskolara. Tailerretako partaide dira, eskulanak eginez; proiektuetan ere ekarpenak egiten dizkigute, beti baitugu hautaturiko gaiak gehiago sakontzen laguntzen digun norbait; eta, nola ez, ipuinak kontatzera ere etortzen dira, asko gustatzen zaigu eta.

 

Besteak

Herriko interesgune eta elkarteetara bisitak egiten ditugu ikasturtean zehar: Eguneko Zentroan daudenekin haiek ezagutzen dituzten abestiak kantatzen ditugu, herriko parkeetan eta San Anton mendian esploratzaile lanetan aritzen gara, Askizura ibilaldia egin eta bertako animaliak ezagutzen ditugu, Balentziaga Museora bisita egiten dugu…