Iturzaeta Eskolan, badugu hezkuntza komunitatearen parte-hartzea bultzatzeko organo berezi bat. Behatokia deitzen diogu eta bertan, LH-ko ikasgela bakoitzeko ordezkari bana, Zanbuka Guraso Elkarteko ordezkaria, Udaleko hezkuntza zinegotzia, Eskolako Zuzendaritza eta Behatokiko koordinatzailea biltzen gara.

Gaurko bilerarekin, amaiera eman diogu ikasturte honetako Behatokiari. Urrian hasita, bost asanblada egin ditugu, eta besteak beste, hauek izan dira landu ditugun gaiak: hamaiketako jasangarri eta osasuntsua, jolasorduko bizikidetza hobetzeko dekalogoa, eskola kirolari buruzko hausnarketa eta energia aurrezteko proposamenak.

Ordezkari bakoitzak, gelan jasotako hausnarketa eta proposamenak ekarri ditu Behatokira eta bertan eztabaidatu ditugu guztiak. Eredugarria izan da ordezkari hauen jarrera eta parte hartzea. Egindako lana aitortzen duen diploma banatu die Zuzendariak eta bizkotxoa janez eman diogu amaiera. Zorionak guztioi eta eskerrik asko!

Partekatu:
Instagram