Otsailaren 11n emakume zientzialarien nazioarteko eguna izango dugu eta Iturzaetan ere gure aletxoa jarri nahi izan dugu hainbat eta hainbat emakumek egiten duten lana ikusaraziz eta errekonozituz.
Hori honela, gaur gonbidatu berezia izan dugu Eskolan: Itziar Garate zientzialari zarauztarra hain zuzen ere.
Gogoan al duzue duela pare bat hilabete Lurretik 26 argi urtera dauden izar bati eta planeta bati Su eta Gar izenak jartzeko grabatu genuen bideoa? Itziar Garate izan zen ekimen zoragarri hau martxan jarri zuen ikertzaile talde horretako partaideetako bat. Eta gaur esan digunaren arabera, laster jakingo dugu azkenean zein izen izango diren aukeratuak. Su eta Gar ote?
Itziar fisikan lizentziatua eta astrofisikan espezializatua da. Gaur egun, UPV/EHU-ko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Fisika Aplikatua sailean irakaslea da eta ikerlari lanetan ere burubelarri dabil. Planeta lurtarren atmosferen dinamika aztertzen dihardu, batez ere Artizarraren atmosferaren super-errotazioaren jatorria eta bere zurrunbilo polarren eraketa.
Eskolako LH4ko ikasleak unibertsoari buruzko proiektua lantzen ari dira eta aukera paregabea izan dute gaur dituzten zalantzak argitzeko eta gaiari buruz gehiago sakontzeko Itziarren laguntzari esker.