Gaur, azaroak 30, irakasleen gehiengoak bat egin du LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek egindako greba deialdiarekin.
Grebaren helburua, joan den irailaren 14an aurkeztu zen hezkuntza legearen aurreproiektuarekiko desadostasuna azaltzea eta gure eskaerak plazaratzea izan da, behin betiko lege-aurreproiektuan zein ondorengo Hezkuntza Legean eragin eta eskaera horiek jasoak izateko.
Izan ere, EAEko Hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroak egungo hezkuntza-eredu duala betikotu eta gainditze bidean ez duela jartzen irizten dute aipatu sindikatuek. Eta sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea behar dugula aldarrikatzen dute, sare publikoa baita aukera-berdintasuna, kohesio soziala eta euskalduntze prozesua bermatu behar dituena.
Hauek lirateke, sindikatuon aburuz, bide hori egiteko txertatu beharreko aldarrikapenak:
1. Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu.
2. Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen legea nahi dugu.
3. Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu.
4. Hezkuntza lege propioa nahi dugu.
5. Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu.
6. Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu.
7. Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen legea nahi dugu.
8. Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu.
9. Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.
10.Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.
Gure hezkuntza sistemaren etorkizunarekiko gure kezka partekatzen duzuela espero dugu.