Gaur, eguerdiko 13:00etan, Lizardiko Ikaslab-en ARE taldearen aurkezpen ekitaldia izan da. Bertan izan dira ARE taldea osatzen duten Eskola ezberdinetako komunitateko kideak eta baita beste zenbait eragiletako ordezkaritza ere.  Baina zer da ARE?

Aiako Lardizabalek, Orioko Zaraguetak, Getariako Iturzaetak eta Zarauzko Orokieta eta Lizardik osatzen dute ARE.

Dakizuenez, gure Eskoletako ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko ikasketak egiteko, Lizardin elkartzen dira. Ikasleen ibilbide hori ez da berria, berria ez den bezala ikastetxeen arteko elkarlana eta koordinazioa ikasleen alde. Urteak daramatzagu horretan, bakoitzak bere onena ematen eta besteekin partekatzen. Une honetan beste urrats bat eman nahi dugu Eskola Publikoa indartzen eta gure elkarlana sendotzen, ikaslearen ibilbidea AREagotuz. Hortik sortu da ARE.

Haur eta gazteek berdinengandik ikasten duten bezala, guk ere urrutira joan gabe, ondoko eskoletatik zer ikusi eta zer ikasi bagenuela konturatu ginen eta horretarako topagune bat ere bada ARE.

Taldean ari gara, oso beraren parte garelako. Eskualdeko Eskola publikoak traineru berean goaz, elkarrekin aurrera.
Gure ibilbideek bat egiten duten puntua Lizardi izanda, lizar bat marraztu dugu irudiaren erdian: “lurrak eta zeruak lotzen dituen zuhaitza da lizarra, izarretarako bidea” (Jakoba Errekondoren hitzak).
Bi urterekin, oraindik ume diren haurrek norbere herrian abiatzen dute ikasle bidea: Aian, Getarian, Zarautzen ala Orion. Haurtzarotik heldutasunerako bidean, ordea, guztiek bat egiten dute Lizardin. Etxe izan dituzten eskolak agurtu eta aukera berrien bila abiatzen dira instira.
5 eskola publikoak elkartzen gaituen irudiarekin batera, gure izenetan bat egiten duten hizkiak elkartzetik sortu da izena ere. Horrela bada, gure talde izaeratik talde izena atera dugu: ARE.
Helburu berak lortzeko lanean ari garenok indarrak batzeko unea da: elkarrekin ARE gehiago gara. Hezkuntzaz ari gara eta dagokion arduraz eta mimoz zaindu behar dugu etapa bakoitzerako egiten dugun hezkuntza eskaintza, baita hauen arteko trantsizioak ere. Eta erronka horri, elkarrekin erantzun hobea emango diogu, zalantzarik gabe.
ARE kostaldean sortu da, eta guretzako harearen, hondarraren soinua ere bada. Baina hurbil du “sare” hitza ere.

Elkarlan honek sustraiak sendotu, eta hazten jarraitzeko indarra ematen digu amesten dugun kalitatezko Euskal Eskola Publikoa eraikitzeko lanean jarraituz.

 

 

 

Partekatu:
Instagram