Gaur abenduaren 3a dugu, Euskararen Nazioarteko Eguna. Eta atzo berriz Euskaraldiaren amaiera izan genuen.

Gure Eskolan ere beraz, izan dugu zer ospatua aste honetan zehar. Euskararen Egunaren harira, iaz bezala, aurtengoan ere lehiaketatxo batean parte hartzeko gonbita luzatu genizuen ikasle eta familiei.  Atzo goizean, parte hartzaileen artean “Euskara Bizi Nahi dut” sortako produktu batzuk zozketatu genituen. Lur Elorrieta, Irai Gorrotxategi eta Ekhi Otaduy izan ziren sarituak.

Arratsaldean jai giroa izan genuen. Trikitilari eta pandero-joleen laguntzaz ikasle guztiak herriko frontoira jaitsi ziren eta bertan ekitaldi xume bezain polita izan genuen.

Ekitaldiari hasiera emanez,  6.mailako ikasleek, eurek prestaturiko bertso batzuk abestu zizkiguten. Ondoren euskal abesti batzuk abestu genituen eta bertara hurbildu ziren guraso, lagun eta familiakoak ere animatu ziren.

Amaitzeko, gorputzak astinduz, aurtengo Euskaraldiko abestiarekin prestaturiko dantza egin genuen eta kalejira batekin borobildu genuen arratsaldea.

Mila esker bertaratu zineten guztioi eta gogoratu “hitz bakar batek sua pizten du maiz”. Gure esku dago, bizi gaitezen euskaraz!

Artzape.eus-etik hartutako irudia.

 

 

Partekatu:
Instagram