Goiza euritsua izan dugun arren, arratsaldean eguzkiak kuku bat egin dugu eta ezinhobeto aprobetxatu dugu igandean ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta gure ekitaldi xume bezain polita egiteko.

Azken asteetan Eskolan girotze lanetan aritu dira buru-belarri gure ikasleak.

Lehenik lelo lehiaketa bat izan genuen eta “Igo olatura eta euskara mundura” izan zen aukeratua.

Lelo hori oinarri hartuta, Eskolako sarrera mural dotore batez apainduta izan dugu azken egunotan. Mural hau Eskolako ikasle, irakasle zein begiraleen argazkiekin osatu dugu. Polita benetan!

Leloa gaitzat hartuta marrazki lehiaketa bat ere izan dugu eta gaur goizean irabazleen izenak ezagutu ditugu.

Arratsaldean berriz, marrazki irabazlearekin egindako pegatina soinean jarri eta trikitilarien laguntzaz herriko frontoira jaitsi dira LHko ikasleak. Bertan zain zituzten HHko ikasleak eta guztiek giro ederrean hasiera eman diote ekitaldiari.

Marrazki lehiaketako irabazleei euren oroigarriak eman ostean, 6.mailakoek “txakolina, txakolina” doinuan bertso eder batzuekin egunerokoan euskaraz egitearen garrantzia azpimarratu digute.

Ondoren bertaratu diren familia eta lagunekin batera hiru abesti abestu eta amaitzeko “Gora Euskara” abestu eta dantzatu dugu.

Polka eta trikiti doinuekin dantzan eman diogu amaiera aurtengo euskararen eguneko ospakizunari.

Ederra izan da aurtengoa ere. Mila esker gerturatu zareten guztioi eta BIZI ETA GOZATU EUSKARAZ!

 

 

 

  

Partekatu:
Instagram