Sorbeltzak udara gure lurraldean igarotzen duten hegazti  migratzaileak dira. Maiatzeko lehen egunetan gure herrietara iristen dira eta ekaina eta uztailan zehar oso arruntak ditugu gure lurraldean.

Bizitza hegan egin behar dute eta ez dute habia egiteko materiala eskuratzeko inongo erraztasunik. Horretarako, gure herriko etxe, eliza eta bestelako eraikin zaharrek dituzten zirrikitoak erabili behar dituzte, habia egiteko erabili, bertan arrautzak ipini eta txitak edukitzeko.

Atxamurka Natura taldekoek, sorbeltzentzako 50 etxola ipini dituzte Getaria herrian zehar: plazako frontoian, kiroldegian, eskolan, anbulategian, Itxas-etxe gainean, Askizuko frontoian eta Meagako frontoian.

Eskolara etorri da aste honetan zehar Eneko Azkue, Atxamurka Natura taldeko kidea, eta hitzaldiak eman dizkie ikasleei. Hitzaldiaren helburua ikasleak gai honen inguruan sentsibilizatu eta hauei naturak duen balioa erakustea izan da. Hegazti honen bitxikeriak, bereizgarritasunak eta gauza gehiago azaldu dizkie, naturak ematen dizkigun mirariak miretsi eta ezagutzen ez ditugun bizidunen bizitzaren inguruan gehiago ikasteko.

Hona hemen eskolako hitzaldiko argazki batzuk: